ARTEA ETA LITERATURA

junio 18, 2019

FELIPE JUARISTI

1
Rudyard Kipling idazleak Nobel Saria irabazi zuen 1907an. Aita arte-irakaslea zuen eta familian, besteak beste, baziren bi pintatzaile: Edward Burne-Jones (1833-1898) eta Edward Poynter (1836-1919). Burne-Jonesek, orain oso ezaguna ez bada ere, garai batean ospearen eztia dastatu zuen, “Sabra Printzesa” izeneko lanari esker batez ere. Prerrafaelitatzat jo du kritikari-saldoak haren obra, eta prerrafaelita taldekoa zen Dante Gabriel Rossetti (1828-1882), Ramon Saizarbitoriari esker euskal letren jarraitzaileentzat ezagun bainoago gorazarre-gai: Rossettiren Obsesioa. Beraz, etxetik zetorkion Kiplingi artearekiko zaletasuna. Eta, egia esan, badu Kiplingek testu bat artearen eta edertasunaren arteko mugak zehazten dituena, bere eran, noski. ”Eguzki sortu berriaren argia Paradisuko larre berde eta hezeetan barrena zabaldu zenean, gure aita Adán zuhaitz sakratuaren azpian eseri eta makilatxo batez azala urratzen hasi zen. Sortutako lehen marrazkia hain zen ederra ezen bere arima pozez punpaka hasi zen. Orduan, Deabruak, zeina hosto batzuen atzean ezkutatuta baitzegoen, esan zion: -Ederra da, noski. Baina Artea ote?”. Aspaldiko kontua da. Munduaren mugak zein ziren ikasten hasi zenetik hona artistak galdera asko egin ditu; baina oinarrizko galderak gutxi dira eta ia denek badute zerikusirik egiaren eta edertasunaren arteko harremanarekin. Ederra den guztia egia ote? Egia dena ez ote era berean eder? Platonentzat ederra den oro egia da; eta egia den oro ona da. Eta guretzat? Gaur egungo artistak ez dut uste kezka ontologiko eta metafisiko handirik duenik. Ordenagailua bete lan duenez, ez du astirik bere burua kezkaz betetzeko. Artea, nire iritzian, bizitzaren eremua da eta estetikari etikari bezain lotuta dago. Idazle orok, teorian bederen, ulertuko duten baieztapena da. Asko kritikatu izan zaio Tolstoiri bizitzaren azken aldian erakutsitako jarrera, hark bere iraganaz beste egiteko desira eta arteari buruzko diskurtsoa erabat aldatzeko konbentzimendua kritikatu izan zaizkion bezala. Baina kontua ez da hain sinplea. Tolstoik liburu konplikatua utzi zigun arteaz: Zer da artea? Hona hemen liburu horretako ondorio batzuk: ”Artelan bat poetikoa, imitaziozkoa, harrigarria edo atsegingarria izan daiteke, baina aipatu ezaugarrietako bakar batek ere ezin du artearen ezaugarri nagusia ordezkatu: artistak bizi izandako sentimendua. Azken garaiotan, goiko klaseen artean, artelantzat jotzen diren sortze-lan gehienak artearen imitazioa baino ez dira, ez dute oinarritzat artearen ezaugarri nagusia: artistak bizi izandako sentimendua”. ”Hortaz, artea zerbait garrantzitsua bada, erlijioa bezain beharrezkoa den ondasun espiritual bat (artearen miresleei esatea gustatzen zaien bezala), mundu guztiarentzat eskuragarria behar du izan. Eta ez bada guztiengana heltzen, bitako bat: edo artea ez da nahi bezain garrantzitsua edota artetzat hartzen dugun hori ez da hain garrantzitsua”. ”Artelan bikainak denentzat ulergarri eta eskura errazak diren neurrian dira bikainak. Beraz, arteak hunkitzen ez bagaitu, ezin daiteke esan horren zergatia ikuslearen edo entzulearen ulertu ezina denik; soilik ondorioztatu ahalko eta beharko genuke arte hori txarra dela edo ez dela artea inondik ere”. Tolstoik “artistak bizi izandako sentimendua” jartzen du goi mailan, ezer baino lehenago eta ezer baino ikusgarriago. Baina berak testua idatzi zuen garaitik hona urte asko igaro dira; eta horrekin batera aldatu egin da artistari buruzko iritzia, eta, jakina, artistaren sentimenduaz dugun uste orokorra. Gaur egun, sentimendurik gabeko artista bat (idazle izan ala ez) irits daiteke artelan ederra egitera. Areago: Tolstoik deitzen duen sentimendua aspaldi da sentimendurik gabe geratua dela. Haren ordezko dira esperientziaz mozorrotzen diren bizitza-puskak. Aipatutako liburu horretan Tolstoik modernoa den oro kritikatzen eta zapuzten du: Baudelaire, Verlaine (mozkor hordia); Mallarmé (nahasmenduaren maitale nahastua), Liszt, Beethoven, Schumann, Berlioz, Wagner (sentimendu gaixo-antzeko eta urduriak adierazten baitituzte). Edertasunak, Tolstoiren arabera, ez du ezertarako balio, egiazkoa ez bada. Eta egia, soilik, erlijioak azaltzen eta multiplikatzen du, Jesukristo gure Jaunak arrainak multiplikatu zituen bezala. Tolstoirentzat, artearen egiak bizitzaren egiaren ispilu izan behar luke. Eta bizitzaren egia bost arautan laburbiltzen zuen: Lehena, inork ez du inor hilko; bigarrena, gizonak ez du inoren emakumea desiratuko, haren edertasunaren kariaz; hirugarrena, inork ez du ezer aginduko zin eginez; laugarrena, inork ez du begia begiaren truk ordainaraziko; bosgarrena, inork ez dio inori gorrotorik gordeko. Ebanjelioaren lezioa, Mateo deunaren arabera. Tolstoiren garaian, berak ezagututako mundua erori zorian zegoen, bera horretaz konturatzeke; eta horren minak zulatu zizkion pentsamenduaren erraiak. “Jainkoa hil da”, oihua zabaldu baitzen bazterretan, eta Tolstoik ezin irudika zezakeen Jainkorik gabeko mundua. Jainkoa esatea, noski, egia esatea da. Ez zela modernoa esan zuten. Baina garaikide izatea kontu bat da; eta modernoa izatea, bestea. Modernidadea kritikatzeko jarrera, Tolstoirengan, erabat da modernoa. Norbere garaiko seme-alabak direnek ez dute beti ikusten zertan den garaikidego hori, ihes egiten baitu esku artetik. Mandelstamen “Nire mendea” izeneko poemak ederki adierazten du ezintasun hori:
”Nire mendea, nire piztia
ba ote inor zure begietara begiratu
eta bere odolarekin
bi mendeen hezurrak lotuko dituenik?”.
Artea denona da, eta era berean ez da inorena. Artea sortzaileena da, eta era berean jasotzaileena. Idazleak artearekin duen harremana zaila da adierazten. Irakurri berri dut Julian Barnesen El ruido del tiempo eleberria, non Shostakóvich musika-egilearen eta Stalinen arteko harremana kontatzen den. Izan ere, beste musikari garaikideek ez bezala, bizirik irautea eta gainera errespetatua izatea lortu zuen, baina bidean bere barne-muinetako puskak utziz. Zerbait botatzen du artistak kanpora, botereari men egiten dionean, zerbait galtzen du lehian: duintasuna, barne kontzientzia, auskalo. Artistak boterearekin duen harremana oso zaila da zehazten, artistak askatasuna nahi baitu bere obra garatu eta zabaldu ahal izateko; eta botereak, ordainez, artistaren lana eta espiritua kontrolpean eduki nahiko luke, ahal balitz indar-erakustaldirik gabe. Beti gertatzen ez dena, denok dakigu. Baina Shostakóvich ekartzen badut testu honetara ez da Stalinen erregimenarekin izan zituen gorabeherengatik, Lady Macbeth de Mtsensk izeneko opera gogoratzeak sortu dizkidan barne kilikengatik baizik. Nikolai Leskov-ek idatzi zuen Lady Macbeth de Mtsensk, eta gaur egun idazle ahaztutakoen tribuan sar badaiteke ere, garai batean izan zuen bere tokitxoa kritikarien espazio txit berezi eta garestian. Walter Benjaminek saiakera lan bat eskaini zion: “Narratzailea”. Eta nago Tolstoiren azken garaiko teoria literarioak bat datozela Leskoven kezka, nahi eta desirekin, literaturari eta bizitzari dagozkienean, noski. Gorkik gutun batean aipatzen du Tolstoiren harridura Leskoven lana merezi bezain ezaguna ez izateagatik. Moskun ezagutu zuten elkar 1887.ean, eta posta bidezko harreman aberatsa bezain joria izan zen bien artekoa. Gordeta daude hirurogeita hamar gutun baino gehiago.
2
Ramon Saizarbitoriak pintatzaileen izena eta oroitza ekartzen du eleberrietara. Lehenago esan dudan Rossettiren Obsesioarekin batera aipa daiteke era berean Kandinskiren Tradizioa. Bi eleberri horietan ez dago, zuzenean bederen, pintura eta pintatzaileen lan estetikoari buruzko gogoetarik, ezta haien obra ulertzeko euskarri kritikorik ere. Beste kezka batek darama Saizarbitoria eleberriaren bidean zehar. Pintatzaileek literaturarekin izan duten harremana du bultzatzaile. Kandinski De lo espiritual en el arte liburuaren egilea da. Hor irakur daiteke honako pasarte hau: “Artistak, misteriosoki, benetako arte-lana bide mistikotik sortzen du”. Misterioa da arte-lanaren sortzaile, artista den bezainbat. Misterioa espiritua izendatzeko modu bat da, nonbait. Eta artistaren espiritua (edo arima) munduaren gainetik zabaldu den espiritu handi baten partaide da. Ez dakit mistika ote den, baina badu zerikusia munduaren ikuspegi orokorrarekin. Liburu hori eta Punto y linea sobre el plano gehiago dira estetikari buruzko esku-liburuak, lan literario hutsak baino. Dena dela, une honetara iritsiz gero, galde daiteke zer den lan literario hutsa, halakorik badago bederen. Kandinski, Kokoschka eta Dšblin adiskideak ziren eta mugimendu inpresionistaren sortzaileetarikoak, Bauhausen garaian. Kandinskik 1912an KlŠnge (Soinuak) izeneko poema-liburua idatzi zuen. Dada mugimenduaren sortzailetzat jotzen dute. Kokoschkak, bere bizitzari buruz idazteaz batera, poema bero asko idatzi zizkion Alma Mahlerri. Ezaguna, errepikatuagatik, da Simonidesen esaldi hau: “Pintura poesia isila da; eta poesia, mintzo den pintura”. Pintura, ordea, alfabetoa baino lehenagokoa da. Irudien bidez pintatzaileakmunduaren oraina esaten zuen. Pinturaren eta hizkuntzaren arteko harremana infinitua zela idatzi zuen Foucaultek, Velazquezen Las Meninas aurrean zuela. Baina ez dago, nik dakidala, pintatzaile gisa nabarmendu den idazlerik; eta, neurgailu hori bera erabiliz, ez dago idazle gisa goia jo duen pintatzailerik. Anekdota gisa aipatu behar da Degasek sonetoak idatzi zituela, eta Mallarmék esan ziola, burla haizez: “Degas, ez da idazten ideiekin, hitzekin baizik”. Idazten dugunok badakigu, ordea, hitzak baino zerbait gehiago behar dela txukun idazteko. Koloreak baino gehiago behar den bezala taxuzko koadro bat pintatzeko. Poesia eta pintura bi arte ezberdin dira. Idazle batek, poeta izan ala ez berdin da, nahi izaten du koloreak testura ekartzea, ilargia eta eguzkia hitzen bidez erakustea. Pintatzaileak ere nahi luke berak landutako kolore eta formen bidez ikuslearen baitan poz eta tristezia sentimenduak sortaraztea, poesiak bezala. Lizardiren poema honek “Bultzi Leihotik” sortarazten dituen bezala.

”Oi, lur, oi lur!
Oi, ene lur nerea!…
Oi, goiz eme
parre gozoz ernea!…
Arto musker, mendi, baserri zaharrak
ale gorriz
abailduta sagarrak:
oro laino
mehe batek estalia,
urrez oro
eguzkiak jantzia…
Nekazari,
gizandi bat iduri
soroan zut:
bejondeizula zuri!…
Zure bazter,
gurazko aberria,
doa zoro
(ta bertan ni) bultzia…
Oi, ene lur,
baninduzu zerea,
zu landu, ta
zure sariz asea!…
Bainan… ezin:
beheko behar goriak
narama… Agur
soro, sagar, mendiak!…”

Idaztea uste dugun baino konplexuago eta abstraktuagoa da. Pintatzea ere bai, formak eta koloreak forma eta koloreaz hitz egiten digute, ez beste ezertaz. Ikusleak jartzen du gainerakoa: emozioa, hunkipena eta plazerra. Walter Benjaminek gogorarazten digu, ordea, poetak ez duela poema sortzen, balizko irakurlea gogoan izanda. Pintatzaileak ez du bere koadroa pintatzen, ikusle jakin bat buruan duela. Kirmen Uribek “Aresti-Duchamp, xake partida” izeneko poeman bi artisten arteko elkarrizketa irudizkoa ekartzen digu orainera.

“Duchamp:
Ez zagok arterik entzulerik gabe.
Picasso eta Metzinger zatozkidak burura.
Kubismoa famako egin aurretik
Metzinger zegoan ahominean.
Azaldu egiten zian hark kubismoa.
Gero konturatu gintuan ez zela azalpenik behar.
Picasso agertu eta bandera bilakatu zuan berehala.
Jendeak ez zian besterik nahi.
Metzinger gaixoa ahaztu egin zitean.

Aresti:

Poesiak ere ez dik esplikaziorik behar.
Lizardi konprenitu egiten duk,
heldu egiten duk.
Isiltasunak inguratzen dik hitza.
Isiltasun horretan zabaldu behar dituk leihoak.
Pentsa, Amazoniako indiarrek
zuloak zabaltzen ditiztek oihanean.
Lurra landatu eta urte beteren buruan
berriz luzatzen dituk zuhaitzak.
Oihanean zuloak egin behar ditiztek hitzek.
Soilik behar beharrezkoak diren zuloak,
oihan guztia biluztu gabe.
Baina arrazoi duk,
idazle batentzat inportanteena
irakurria izatea duk.”

Poesiak ez du esplikaziorik behar. Ados. Poesiaren esplikazioa poesia bera da, alegia ez dago poesia zer den esaterik poesia eginez ez bada. Artearen esanahia arteak berak darama bere baitan; poesiaren esanahia poesiak berak daraman bezala. Idazle batentzat inportanteena ez da irakurria izatea. Aresti izan zen poeta bezalakoarentzat ez, bederen. Arestik ulertua izan nahi zuen. Poeta bat ez da, poeta irakurle asko izanagatik, poesia lana idatziagatik baizik. Poeta eta obra, batak bestea osatzen du. Artearen zabalkundeak ez du askotan zerikusirik artearen beraren funtsarekin. Kontu ezberdinak dira. Proustek Denbora galduaren bila liburuan 250 pintatzaile aipatzen ditu, batzuk benetakoak eta beste batzuk fikzioaren mundukoak. Liburu horretan garrantzi handia dauka Vermeer pintatzaileak. Jakina da Proust obsesionatuta bizi izan zela Deft-eko Ikuspegia lanean erakusten duen horma zuriaren puskarekin. Idazleak 1902.ean ikusi zuen lehendabiziko aldian. 1921.ean berriro ikusteko aukera izan zuen, Jeu de Paume Museoan egindako erakusketan. Kodro hori munduko koadrotik ederrena iruditzen zitzaion. Berari begira, zoriona iristen baitzitzaion.
3
Nik ez dakit, oraindik, zein ziren Arestiren teoria estetikoen mugak. “Profeta bati” poeman, Jurgi Oteizaren gorazarrez idatzia irakur daiteke:

“Egia da Oteitzaren eskultura eztudala
nik konprenitzen,
baina ni eskolarik gabeko gizon bat naiz,
eta hori ezta harritzekoa.
Baina Jurgi Oteitzak nire poesia konprenituko du,
dudarik gabe,
gauza errezagorik ezpaita inoiz
gizonaren eskutikan
atera.”

Ironia dago, noski, hitz horietan. Baina poema luzea ongi irakurtzen bada, uler daiteke Arestik Oteizari leporatzen diona beste askok leporatu diotena besterik ez dela, eskultorearen sistema estetikoa ulertzeko duen arazoa, Oteizak harriekin hitz egiten du, eta Arestik hori sinesteko zailtasuna du. Baina hala ere badago nolabaiteko elkartasuna erakusteko gogoa. Badago anaitasun nahi bat. Baina Aresti ulertu egiten dute, argi eta garbi hitz egiten duelako.

gauza errezagorik ezpaita inoiz.
gizonaren eskutikan
atera.

Nik uste dut elkar miresten zutela, baina bakoitzak bere bidea hartua zuela. Arestik ez zuen harrien soinua entzuten, Oteizak bezala; harria altxatu zuen, metaforikoki, lurretik zerura.

Jurgi Oteitza ezpaita gizon bat,
Jurgi Oteitza gizonago bat baita;
azken bolada honetan pentsamentura ekarri naute
hura
profeta bat
dela.
Antigoalean
profetak
harrika
hiltzen zituzten.
Gaur egunean
arbuioz,
desamodioz
eta
desprezioz.
Nik eztakit nola Jurgi Oteitzak
agoantatu duen
orain artean
hainbeste
desprezio.

Oteizaren teoria estetikoak Quosque Tandem liburuan azaldu zituen. Baina, horretaz gain, Oteiza poeta izan zen. Euskaraz ez idatzi arren, euskal poesian eragina izan zuen, bultzatzaile gisa. Bitoriano Gandiaga poetak aitortu zuen, ez zuela Hiru gizon bakarka idatziko, Oteizari esker izan ez balitz. Baina bada Oteizarengan zerbait Kandinskiren iritzi estetikoekin lotzen dituena. Propósito Experimental 1956-57 testuko azken lerroak dira honako hauek: “Orain esateko moduan nago nire eskultura abstraktua arte erlijiosoa dela. Ez dut bilatzen Estatuaren kontzeptu honetan agerian daukaguna, falta zaiguna baizik. (…) Ez da isiltasunezko minutua. Gaur egungo gizonaren ausentzia zibilaren irudi erlijiosoa da. Espazioaren desokupazio gisa sortutakoa, askatasun gisa egindakoa, heriotzaz kanpoko toki bihurtzen da. Hil berri denaren izena hartzen dut. Heriotzaren tokitik nator. Lurpean gorde nahi izan duguna, hemen da hazten”. Heriotzaren tokitik datorrena isiltasunaren erresuman geratuko da, 1959an. Arteak ez du mundua aldatzen, Oteizaren arabera, baina alda dezake artistak, eta honek gizartean eraginkorra izan dadin laguntzen dio. Oteizak, azken finean, arteari eskatzen dio, lehenago Jainkoari berari eskatu ziona. Eskultura, beraz, sakratu denak gorputza hartzen duen tokia da.

4
Lehenago aipatu dut Tolstoiren Zer da artea? liburua. Testua Aritz Gorrotxaregik euskaratuta dago, eta atrebentziarekin hitzaurreko pasarte hau ekarri dut hona: ”Edonola ere, bere fede berriak ez zuen idazlea hil; aitzitik, bultzada berri bat eman zion, zentzu berri bat. Izan ere, arestian esan bezala, ez daude bi Tolstoi, bakarra baizik, baina krisiaren ostean, alderdi morala areagotu egin zitzaion; alderdi hori, dena den, bazegoen hasierako Tolstoi hartan, Gerra eta bakea eta Ana Karenina idatzi zituen hartan. Hala ere, egiari zor, Tolstoik nabarmen bridatu zuen bere sen artistikoa, eta betebehar moralaren zerbitzura jarri zuen. Are gehiago, irudimen artistikoa hegan hasten zitzaion bakoitzean, Tolstoik berehala mozten zizkion hegoak hegaldi horri, lotsatuta bezala. Egiaren bilaketak lehentasuna zuen errusiar idazlearentzat. Horren harira, pasadizo esanguratsu bat jasotzen du Nabokovek bere Errusiar literaturari buruzko ikastaroa liburuan. Nobelak idazteari aspaldi samar utzi ziolarik, eta aspertuta zegoen egun batean, Tolstoik liburu bat hartu omen zuen menturara liburutegitik. Liburua erdialdetik hasi zen irakurtzen. Pixkana, liburuak bere arreta erakarri zuen, gustura ari zen irakurtzen. Kateatzen hasi izanaz harrituta (eta, akaso, damututa ere), halako batean, liburuaren izenburuari erreparatu zion: Ana Karenina, Lev Tolstoik idatzia.” Ez dut esango artearen helburua artea bera denik. Oscar Wildek idatzi zuen Kritikari Artista izeneko testuan hunkidura hunkiduragatik dela artearen helburua. Arteak, Oscar Wilderen iritzian, ez du munduaren egia erakusten, gure arima baizik. Izan ere, zerbait ezagutzera iritsi bagaitezke, geure arimaren etxea izango da. “Baina arima, norberaren arima, berez, misterioa da”. Artea, Wilderentzat, barneko egia erakusten duen ispilua da. Azken aldiko Tolstoirentzat, ordea, artistaren lanak erakutsi behar dio munduari, zer den ona eta zer den txarra. Tolstoik arte ona eta txarra (morala eta inmorala) bereizten zituen. Wildek ondo idatzitako eta gaizki idatzitako liburuak daudela gogorarazten digu. Ez dut esango artea oro alferrikakoa denik. Wildek, oinazea ezagutu ondoren, hainbeste estimatu zuen munduak bera estimatzeari utzi zionean, deserria eta abandonua ezagutu zituenean, aldatu zuen arteari, eta bidenabar, bizitzari buruzko ikuspegia. Wilde, artista izaten ahalegindu zenean, ospea loertu zuen; eta ospea galdutakoan, lortu zuen artista izatea. Egia eta edertasuna ez dira kontzeptu kontrajarriak, elkarren osagarriak baizik. Artista batek gizalde batean bizi den gizatasuna adierazi behar du, eta era berean hori guztia lan ederra eginez burutu. Camusek idatzi zuen bezala, Suedian emandako hitzaldian: “Eguneroko egia baztertzen duen arteak bizitza galtzen du. Baina beharrezkoa duen bizitza horrek, behar bada, ez du asetuko”.



Post a new comment