PASCAL ETA AFORISMOAK

julio 20, 2016

FELIPE JUARISTI

Sinpletasuna eta laburtasuna mespretxatuak edo gutxietsiak izan dira, beste erretorika suerte bat nagusitu izan denetik, alegia, pentsamendua adierazteko esaldi luzeak, ondo lotuak eta ibaia bezain isurkorrak behar direla frogatu nahi duena. Elokuentzia goraipatu izan da, jakinik gehiegikeriak azkenean aspergarriak suertatzen direla. Horrelako zerbait idatzi zuen Pascalek: “Etorri etengabeak aharrausika jartzen gaitu”. Pascal adibide dugu, esaldi laburrez oso pentsamendu sakonak adierazten zituen. Literaturan Karl Kraus har dezakegu Pascalen parekide eta adikidetzat.

Filosofia, ezer izatekotan, errealitateari buruzko teoria da. Errealitateak, ordea, ihes egiten digu, esku artetik sarritan; laino artetik bezala badoala ikusten dugu, itzaltsu eta iluntsu, gehienetan. Itzuli beharko genuke hasierara eta galdera garrantzitsuak egiten hasi, gure izaerak, edo gure egoerak, halakorik baimenduko baligu. Gizakia zer eta zertan den erantzun beharko genuke. Sokratesek ere, dakigunez, galdera bera egin zuen. Platonek, horregatik, bere pentsamenduaren muin bilakatu zuen. Zer da gizakia? Arima da gizakia bera. Edo beste modu batez esanda: gizakia arima bera da. Arimak bere burua ikusi eta ulertzeko

beste arima baten ispiluan begiratu beharra du. Descartesek bestelako iritzia zuen, gizakiak eta pentsamenduak mugimendu berean dute elkar ezagutzen. Gizakia pentsamendua da. Cogi-to ergo sum. Rousseauk esan zuenez, gizakiak ulertzeko nahikoa zen bera eguneroko gauzetan ikustea; baina gizakia ikustekotan urrunago behar zen begiratu, bizi garen tokitik haratago. Infinituraino. Baina hori ere ilusioa da, Pascalek gogorarazten digunez: «Gogoeta egiten dudanean nire bizitzaren laburtasunaz, bera aurreko eta atzeko betiraundeak irentsia –memoria hos- pitis unius diei praetereuntis– nik betetzen eta ikusten ere dudan tokiaren txikitasunaz, bera ezagutzen ez ditudan eta ezagutzen ez nauten tokien handitasunera eroria, izutzen naiz eta harritzen, era berean, neure burua hemen ikusteaz, han bainoago, ez baitago arrazoirik hemen egoteko, eta ez han, orain egoteko eta ez orduan. Nork nau hemen jarri? Noren aginduz eta eskutik eman dizkidate toki eta aldi hau?» (Gogoetak, 64).

Zer gara benetan, kanpoko ala barneko, hemengo ala inongo? Nondik ibili beharra dugu, kanpotik ala barnetik? Badakigu Agustin santuaren erantzuna: «Ez zaitez barreiatu. Sar zaitez zeure barne-muinean. Egia gizon barnekoian dago eta». Rousseaurentzat, ordea, barneko egiaren iturria ez zen Jesukristo, Agus- tin santuaren baitan bezala, Natura baizik. Platonen ondorengo iritzi orokorra da gizakia ez dela gorputz huts, arima ere bada, pentsa- menduaren bidez kirika egiten duena. Gizakia bikoitza da. Gorputza itxura huts baino ez da; itxuraren azpian arima da gordetzen, benetako izaeradun. «Hain da agerikoa bikoiztasun hori, ezen bada bi arima ditugula pentsatzen due- nik» (Gogoetak, 536).

Pascalek, beraz, ez zuen langintza handirik egin beharrik izan gizakiaren bikoiztasuna onartzeko eta haren ideiaren alde aritzeko. Gi- zakia gorputza da eta arima ere bai; alegia, bihotza da eta arrazoia. “Bihotzak bere arrazoiak ditu arrazoimenak ezagutzen ez ditue- nak. Mila kontutan ikusten da hori”. (Gogoetak,397). Bihotza ez da, ordea, arrazoimenaren etsai, haren gehigarria baizik. «Egia, arrazoi- menaz ez ezik, bihotzez ere ezagutzen dugu» (Gogoetak, 101).

Gizakia kanpotik azter daiteke, onartzen dituen usadioak aztertuz, jasaten dituen kontrako indarrak begiratuz, alde batetik bestera bultzaka daramaten irrikak kontuan hartuz. Baina azterketa horrek ere ez luke esango gizakia benetan zer den. Kanpora begira bizitzea, besteen begien mende bizitzea baita, besteen ona, estimu eta gorazarrea lortzen saiatzea. «Hain gara hantusteak non mundu osoan gure ezagutza zabaldua ikusi baikenuke, baita, gu hemen ez egonik, etorriko direnek ere jakin dezaten gure berri. Eta hain gara hutsalak non inguruan ditugun bospasei lagunen estimua atsegin baitzaigu, eta horrek gaitu pozten» (Gogoetak, 111). Bera ez den inork berari buruz duen irudiaz jantzirik dago gizakia, eta berak ere inork beraren aurrean ageri ohi duen irudiaz ditu epai- tzen. Irudimenak irudizkoa dena benetakotzat

hartzen du eta bera ordezkatzen. Errealitatea, izan ere, irudimenak bahitua du: «Gizonaren jaun eta jabe da, okerraren eta faltsutasunaren maistra, era bateko engainatzailea, beti ere ez baita halakoa. Egiazko arau hutsezina izango litzateke, gezurretako arau hutsezina balitz. Baina gehienetan faltsua izanik, ez du erakus- ten bere izaera nolakoa den; ezaugarri bera ematen dio bai egiazkoa bai gezurretakoa de- nari. Ez ditut eroak mintzagai; zentzudunenak ditut, berorien artean baitu irudimenak jendea irabazteko indarra. Arrazoimenak oihu egin dezake ederki, baina ez horregatik jarriko die gauzei beren salneurria» (Gogoetak, 41). Ezer ez da dirudiena edo, bestela esanda, dirudie- na ez da ezer, irudi huts. Alderdi hori da, hain zuzen, Platonengana garamatzana eta handik, itzulinguru gehiegizkorik gabe, guregana era- karririk gure baitan tokitxoa egiten duena.

Irudimenaren artea da Pascalek bizitzan aurkitzen duena. Berak ezkutarazten dio gizakiari benetan zer eta zertan den. Zer da gizona infinituan? Gogoeta horretan ikusten da Pascalen handitasuna. «Eza infinituaren ondoan, dena ezaren ondoan, ezaren eta denaren arteko zerbait, bi muturrak ulertzetik ezinago urrun. Gauzen amaiera eta hasierak ezkutatuta daude argira ekarri ez daitekeen sekretupean» (Go- goetak, 185, H. 9). Ez gara, noski, uste dugun bezalakoak. Dena ez gara eta ez gara deus. Infinituaren ideiak berak izutzen gaitu. Pascalek gonbitea egiten dio gizakiari, bere baitara sar dadin, onar ditzala bere benetako neurriak.

«Bere burua goratzen badu, nik apaltzen dut. Bere burua apaltzen badu, nik goratzen dut. Eta beti jokatzen dut kontrara.

Berak munstro ulertezina dela ulertu arte»

(Gogoetak, 121)

Gizakia munstroa da, baiki; jaiotzen den unetik, graziarik gabe hutsean eta okerrean bizi baita. «Zer ameskeria da gizona? Zer berri, zer munstro, zer nahaskeria, zer kontraesan- mataza, zer mirari? Gauza guztien epaile, zizare ahul, egiaren begirale, hutsaren eta dudaren estolda, munduaren aintza eta isuri» (Gogoetak, 122). Baina ez da munstroa soilik, munstro zorigabea da. «Giza handitasuna benetan da handi, gizonak bere burua zorigabetzat duenean; zuhaitz batek ez du bere burua zorigabetzat. Nork bere burua zorigabetzat hartzea zorigabea izatea da, baina zorigabea dela jakitea handia da» (Gogoetak, 105).

Pascalek,   matematikaria   zelako   seguru asko, paradoxak zituen maite. Izaera bikoitzaren beste aldean dagoen infinitua ez dago guk harrapatzerik, ez da guretzat egina, finituak eta neurrikoak baikara, eta hobe nork bere mugak ikusten eta zehazten jakitea. Hori onartzean dago giza handitasuna, itsasoratzeak berarekin naufragioaren arriskua ekar dezakeela irenstean bezala. Irudimenaz haratago doan kontua dugu, gizakia izan ere handitasunera bezain txikitasunera egina baitago. «Gizonak bere burua estima beza bere prezioan. Bere burua maita beza, ongia egiteko gauza baita, baina ez bitza horregatik bere doilorkeriak maita. Bere burua gutxiets beza, gaitasun hori hutsa baita, baina ez beza horregatik bere ahalmen berezkoa gutxiets. Bere burua gorrota beza, bere burua maita beza: berak du bere baitan egia ezagutzeko eta zoriontsu izateko gaitasuna. Baina ez du inolaz ere egiarik, betiko edo lasaigarririk izango zaionik» (Go- goetak, 110). Camusek idatzitakoa ekarri behar gogora: «Gizona hiltzen da eta ez da zoriontsu» (Caligulako pasartea da). Edo Pascalen arabera esanda: «Izatez bagina benetan zoriontsu, ez genuke jolasik beharko hartaz ez pentsatzeko» (Gogoetak, 66). Ihesbideak bilatu behar ditu gizakiak, ez zoriona aurkitzeko, zorionaren ilusioarekin bizitzeko baizik. «Batzuetan, hasi naizelarik begiratzen zerk dituen gizonak asaldatzen eta zein diren jasan behar dituzten arrisku eta nahigabeak, gortean ez bada gerran, handik sortzen baita hainbeste haserre, irrika eta grina, erabaki bero eta ardura gaizto, ohartu naiz gizonen zorigaitza gauza batetik bakarrik sortu dela: ez dakigu geldi egoten gela batean» (Gogoetak, 126).

Gizakiak bere izaerari eta Naturaren legeei jarraituko balie, izango litzateke, agian, zoriontsu. Baina ez da halakorik gertatzen. Natura lizunduta dagoela dio, horregatik sortu beharra dago bera, legeari lotuta. Zer dira gure lege naturalak, gure usadiozkoak baino? Haurrek beren gurasoengandik hartu dituzte, animaliek ehizatzeko grina bezala. «Usadio ezberdin batek bestelako lege naturalak ekarriko dizkigu. Hori eskarmentuak erakusten digu. Eta usadioak ezabatuko ez dituztenak. Joeraren arabera da» (Gogoetak, 116). Natura usadiozko bihurtu ezinik, usadioa bigarren natura egin da, lehena ezeztatu ondoren. Galde dezakegu zer den natura edo usadioa zergatik ez ote den naturala. Pascalek bere susmoak ditu:

«Beldur naiz natura ez ote den lehen usadioe- tako bat, usadioa bigarren natura den bezala» (Gogoetak, 117). Paradoxa hortxe, berriro ere.

«Iluntasunik ez balitz, gizonak ez lezake ikus bere usteldura; argirik ez balitz, gizonak ez le- zake sendabiderik espero» (Gogoetak, 416). Poesiarik gabeko poema, ilunaren lilura, argiaren itsumena. Poesiak izan ere ilunetik argira jotzen duen landarea baita.

Gizakia, ordea, ez dela landarea gogora- razten digu Pascalek; edo ez landarea soilik behintzat. «Gizona kanabera baino ez da, na- turan dagoenik ahulena, baina pentsatzen duen kanabera da. Ez da beharrezkoa mundu osoa armatzea bera zapaltzeko; lurrun bat, ur tanta bat, aski dira hura hiltzeko. Baina munduak zapalduko balu ere, gizona bere hiltzailea baino gehiago izango litzateke, badakielako hil egiten dela, eta munduak haren gainean duen abantaila munduak ez du ezagutzen» (Gogoe- tak, 186, H. 3).

Gizakiak badu bere tokia, baina ez daki berak ere non den. Eta alferrik zaio Jainkoari galdezka aritzea, ezkutaturik baitago, eta ez baitu erantzuten, nahi genukeen modura. Pas- cal zientzialaria da, eta mundu itxirik ez du ikusten, unibertso neurrigabea baizik, fisikaren legeei loturik. Baina gizakia bada, bere izateaz iritzi sendorik ez badu ere, eta zalantzek eta lainoek inguratzen badute ere. Pascalek mundua ikusten du eta arrotza zaio, ez baitu sumatzen Jainkoaren zantzurik inon. Munduak, gainera, mutu jarraitzen du, ez du erantzunik ematen. «Ikusirik zein itsu eta ez deus den gizona; oharturik mundua mutu eta gizona argirik gabe dagoela, bere gisa utzia eta galdua bezala munduko txoko honetan; jakiteke nork jarri duen bertan, zertara den etorria; zer bihurtuko den hiltzean, izuak hartzen nau, uharte huts eta izugarri batera lokarturik eraman izan duten gizona bezala, esnatzean deus ezagutu ez eta irteteko modurik ere ez duena bezala. Eta horregatik harritzen naiz nola ez den etsipenean erortzen halako egoera tamalgarrian. Ondoan ikusten ditut beste gizonak, nire antzekoak denak. Galdetzen diet ea ni baino argiagoak ote diren. Erantzuten didate ezetz; hala eta guztiz ere, bidean galdutako zorigabeko horiek, ingurura begiratu eta gauza atsegin batzuk ikusi ondoren, horiei eman zaizkie eta erabat lotu. Ni, ordea, ezin naiz haiei lotu eta, gogoan hartuz, itxurakeria gehiago dagoela beste deus baino ikusten dudan horretan, bilatu dut ea

Jainkoak markarik utzi ote duen» (Gogoetak,184). Gizakia munduan bada ere, mundua ez da bere baitan; gizakia mundutarra bada ere, munduez da gizakoia. Bere baitako hiria, dena dela, ez da Aristotelesen hiria, adiskidetasunean oinarritua. Pascalen hiria tristea da, giza hiria ere irudimenaren fruitu da, komenientziaren araberakoa. Gizakien arteko harremanak, gainera, lehiaren eta inbidiaren mende dira. Gizakia izan ere, honela definitzen da:

«Aldakortasuna, gogaitasuna, urduritasuna».

Oso zaila baita gizakiaren baitako muina, nia deitzen dena zehaztea. «Hitz batez, niak ezaugarri bi ditu. Berez da zuzengabe, oro- ren erdian baitago. Deserosoa da besteentzat, mendean hartu nahi baititu; ezen ni bakoitza besteen etsai da eta beste ororen tirano izan nahi luke. Ken dezakezue deserosotasuna, baina ez zuzengabekeria» (Gogoetak, 509). Nia tirano odol-gose eta ankerra da, bere eskubideak eskatzen ditu, besteenak galaraziz. Baina ez dakigu zer den ni hori, ez baitago ez gorputzean ez ariman. Baina nola maite inoren gorputza edo arima, bere ezaugarriak maitatu gabe? «Non da beraz ni hori, ez baitago ez gorputzean ez ariman? Eta nola maitatu gorputz-arimak ezaugarri horiei esker ez bada, hilkor direnez, horiexek egiten baitute nia. Zeren, maitatuko al litzateke pertsona baten arimaren muina, abstraktuki, eta, direnak direla han dauden ezaugarriak? Ezin daiteke, eta zuzengabea izango litzateke. Beraz, ez da sekula inor maitatzen, inoren ezaugarriak baizik» (Gogoe- tak, 582).

Gizakia kontraesanen mataza da, baina badaki hala dela, eta horrek egiten du handi, eta prestatzen du bizitza den bezala onartzera. Azken finean: «gure eta infernuaren edo zeruaren artean bizitza besterik ez dago, munduko gauzarik hauskorrena» (Gogoetak, 142). Bizitza, ordea, ez da nahi genukeena. Pascalek ez digu bizitzeko aholkurik ematen. Hura ere arrotza zaio, kanpokoa, mundua bezala nekez uler daitekeena. Nork bere buruari buruz duen eza- gutza ere neketsua da. Platonek zioen «Ezagut ezazu zeure burua». Pascalek beste suerteko itzulia ematen dio esaldiari. “Nork bere burua ezagutzea beharrezkoa da. Egia aurkitzeko balio ez balu ere, ona litzateke nork bere bizia arautzeko. Deus ez da zuzenagorik”. (Gogoe- tak, 68). Bizitzaren arrazoiak aurkitu ezinik, arauak ezarri dira, bera bideratzeko. Zoriona eskuratu ezinik, egia dagokeen aldera zuzentzen dira begiak. Egiak ere ihes egiten digu, esku artetik, harea-pikorra balitz bezala. Zer geratzen da orduan? Gizakia bakarrik dago ulertzen ez duen munduan, bizitza mugatura kondenatua, heriotza noiz etorriko zain. Hala ere, Pascalek behin eta berriro gogorarazten digu gizakia pentsamenduaren jabe delako, handia dela.

Pentsamenduaren bidez aske da, edo izan daitekeela amets dezake.

Pascalek frogatu zuen gutxi gehiago dela, idazketari dagokionez. Gaur ez da jenero hori oso baloratua. Batzuetan, ordea, beharrezkoa da iradokitzea, zirriborratzea, irakurleak bazka dezan esandako edo idatzitakoa. Laburtasuna, beraren bidez, adierazten dena baino haratago joan ohi da.

 

 



Post a new comment