EZKER DARWINISTA

junio 11, 2014

JON SUDUPE

Peter Singer filosofo utilitarista australiarra da, gaurko pentsalarien artean, animalien eskubideen alde gehien nabarmendu dena. Bera da Tximino Handiaren Proiektua bultzatu duena. 1975ean Animal Liberation (Animalien askapena) argitaratu zuen, mugimendu animaliazalearen oinarriak jarri zituen liburu-manifestua. Best-seller bihurtu zen eta 500.000 ale baino gehiago saldu zituen. Espezie bizi guztien berdintasuna aldarrikatuz, mugimendu animalistaren biblia bihurtu zen berehala. Benthamek bezala, Singerrek uste du oinazea sentitzeko gaitasuna dela animalia gehienen ezaugarri nagusia.
Baina, Singer ez da animalien sufrimenduaz bakarrik arduratu. Horrezaz gainera, ezkerra eraberritzeko proposamen erabat berria egin du A Darwinian Left (Ezker darwinista bat) izeneko liburuska mamitsu bezain irakurterrazean (Crítica, Bartzelona, 2000). Komunismoaren hondamendiaren ostean, eta alderdi sozialistek produkzio bideen nazionalizazioari –jabego publikoari– uko egin ondoren, “ezkerrak paradigma berrri bat behar duela” dio Singerrek. Ideia berrien premia larria du. Eta, horretarako, giza naturaren interpretazio darwinistan oinarritu beharra dauka. Ezkerrak, behingoz, konturatu behar du animalia eboluzionatuak garela eta gure herentziaren marka daramagula geure izaeran.
Historia naturalari dagokionez, Darwinen aldeko sutsuak ziren Marx eta Engels. “Darwinen liburua oso garrantzizkoa da eta historiako klase borrokaren oinarri zientifiko-naturala hornitzen dit”, adierazi zuen Marxek. Baina, haien ustez, teoria eboluzionistak ez du balio giza historia azaltzeko (hau da, gure bizitza politiko eta sozialean alde batera utzi behar dugu darwinismoa). Darwinismoak historia naturala esplikatzen du, baina gizartearen historia materialismo historikoaren kontua da. Marxek zioenez, gizarte inguruneak zertzen eta baldintzatzen du gizakia.
Giza naturaren moldagarritasuna defenditu zuen marxismoak, bestelako gizarte bat –libre, justu eta solidarioa– eraikitzeko posibilitatea, alegia. Gure izaera, moldagarria den heinean, hobegarria da. Singerren ustez, gizakia hobe daitekeela ukatzeagatik arbuiatu zuen ezkerrak darwinismoa. Teoria darwinista onartzeak gizakien arteko desberdintasunak ontzat ematea esan nahiko lukeela uste zuen.
Feuerbachi buruzko tesietako batean honako hau idatzi zuen Marxek: “gizakiaren esentzia, egiaz, erlazio sozialen osotasuna da.” Iritzi horren arabera, giza izaerak ez du finkoa den ezer, erlazio sozialen emaitza baino ez da. Ondorioz, gizartea goitik behera aldatu arte, ez legoke norbanakoaren bizitza benetan hobetzerik. “Erlazio sozialak” osoki aldatuko direnean, giza izaera ere erabat aldatuko da. Horregatik, Tabula rasa diktadoreen ametsa dela dio Pinkerrek. Izan ere, giza natura guztiz malgu eta molderraza bada, gogoak emandako guztia egin dezakete gobernuek euren herritarrekin.
Ezkerrak, oro har, arbuiatu egin du darwinismoa. Marx eta Darwin, garai eta leku berean bizi izanagatik, ez ziren bat etorri. Harrezkero, eboluzioaren eta historiaren teoriek ezin izan dute elkar ikusi, eta lagun etsaiak izan dira luzaroan. Giza naturaren kontzepzio biologikoaren eta historiaren teoria marxistaren arteko etsaigoak oraintsu arte iraun du. Engel­sek bereizi egin zituen naturaren historia eta gizartearen historia (historiaren ikerketa marxista hasten den unean amaitzen da ikerketa darwinista). Gaur egun, hala ere, bada “ezker darwinista” defenditzen duenik (J. B. S Aldane, John Maynard Smith, Robert Trivers, Richard Lewontin, Stephen Jay Gould…). Peter Singer dugu ezkerra eta eboluzionismoa elkartu nahi lituzkeenenetako bat.
Ezinezkoa da giza naturaz hitz egitea, biologia eta genetika kontuan hartu gabe. Gure jokabideen “oinarri naturala” edo berezkoa, luzaroan tabua izan dena, begi bistako gauza bihurtu da biologo gehienentzat. Hau da, gizakia, zientziaren ikuspuntutik behinik behin, izaki natural bat besterik ez da, animalia bat gehiago gainerakoen artean. Gure gene berekoien asmoak zein diren ulertu behar dugu, eta, horrela, haien helburuak zapuzteko aukera izango dugu gutxienez. Horrek ez du esan nahi giza naturaren joerak berez onak direnik, baina kontuan hartu beharrekoak bai. Giza portaerari eta gizarteei komunak zaizkien ezaugarriek baldin badaude, hobe da zein diren ezagutzea, aldatu nahi izanez gero: “giza naturaren egintzekiko itsu izatea hondamendira arriskatzea da.” Giza animaliatasunaz jabetzea da zibilizazio jasangarri, baketsu eta demokratikorako biderik zuzenena.
Ezkerrak eboluzioaren teoria darwinista onar dezake, ezkerra izateari utzi gabe. Darwinen teoriak ez du zerikusirik eskuinekoa edo ezkerrekoa izatearekin. Ezker darwinista bezain posiblea da eskuin darwinista. Eboluzioa ez da berez “ona” ez “txarra”. Eboluzioak ez darama inolako zama moralik, gertatu egiten da, besterik gabe. Hasierako darwinismoa eskuinaren kontzepzio politikoetatik hurbilago egon zen, kapitalismoaren aldekoek begi onez ikusi baitzuten eboluzioaren teoria. Norbanakoen arteko lehia azpimarratu zuen bereziki hasierako darwinismoak.
Hori dela eta, Darwinen pentsamenduaren erabilera maltzur eta okerra egin zen. Haren jarraitzaile sutsuenetako batek, Herbert Spencer naturalista eta soziologoak, “darwinismo sozialaren” teoria aldarrikatu zuen. Hark asmatua da “biziagatiko borroka” errukigabearen ideia, eta ez Darwinek. “Egokituenen iraupenaren” izenean (Darwinek aipatu ez zuena), darwinista sozialek «naturaltzat» daukate indartsuenek ahulenak menderatzea. Eboluzio biologikoaren teoria gizarte bizitzara aplikatuz, ideologia politiko eta ekonomiko jakin batzuk zuritu nahi izan dira (aberatsek pobreak esplotatzea, esaterako). Darwinismoak arrazakeria genetista justifikatu eta sexu diskriminazioa ontzat ematen duela uste izan da.
Giza izaerari buruzko teoria biologikoek, beraz, beldur pixka bat eman ohi digute. Biologia susmagarria da: bati baino gehiagori nazismoa dakarkio gogora (arraza ariarraren ustezko nagusitasun biologikoa egiaztatzeko erabili baitzuen nazismoak). Norbere askatasunaren eta igualitarismoaren etsai dela argudiatuz, politikoki erreakzionariotzat daukate askok. Egia da Darwinek herabetasunik gabe defenditu zuela kapitalismoa, baina harekin batera hautespen naturala aurkitu zuen. Alfred Russell Wallace sozialista izan zen bizi guztian, biologiak sozialismoa justifikatzen zuelakoan baitzegoen. Altruismoari buruzko eztabaida eboluzionismoaren espektro ideologikoaren ezker aldean gertatu da, gehienbat (Kropotkin anarkista aipa daiteke, esaterako).
Ezkerraren printzipio eta idealak askoz eraginkorragoak dira biziaren kontserbaziorako. Kooperazioa, interdependentzia, berdintasuna edota pluralismoa bezalako baloreak ezkerraren ekonomia moralaren parte dira, ezinbestekoak espeziearen iraunkortasunerako. 1960ko hamarkadara arte, eboluzionismoak, neurri handi batean, ez zion jaramonik egin kooperazioaren ideiari. Haatik ere, gure berezitasun jatorrenak diren altruismoa, elkartasuna eta solidaritatea ere giza naturaren parte dira. Eboluzionismo modernoaren arabera, enpatia eta errukiaren sentimenduak animalien nahiz gizakien ezaugarri innatoak dira. Kooperazioaren bidez norberaren interesa bilatzea berezkoa zaio giza naturari. Gizarte erabat konpetitiboa ez da bere kideen zoriona bermatuko duen gizartea izango.
Ezkerrak badu balore multzo jakin bat (askatasuna, berdintasuna, elkartasuna). Eta horien artean, berdintasunaren aldeko jarrera da eza­ugarririk bereziena. Ezkerrak desberdintasun sozialen aurkako borrokari ematen dio lehentasuna bere jokabide moralean eta ekintza politikoan. Injustizia eta sufrimendu gehiegi dago munduan. Gutxi batzuen eskuetan daude ondasunik gehienak. Diferentzia guztiak ez dira naturalak. Merkatu libreak herrialdeen oparotasuna ekarri du, baina aberatsen eta pobreen arteko leizea handitu du. Ezkerrak, behartsuen eta zapalduen alde jarriz, aldatu egin nahi du egoera hori. Ahulei eta langabetuei bizkarra ematea ez da ezkertiar izatea. Lehiaren ordez, kooperazioa sustatuko duten egiturak bultzatzea da ezker darwinistaren eginkizuna.
Eboluzioaren teoria onartzeak ez du etikari uko egitea esan nahi. Alderantziz. Bateragarria da giza naturaren jatorri biologikoarekin. Genetikak moldatu gaituen arren, badugu erabakitzeko ahalmena: arau moral bat edo bestea proposa diezaiokegu geure buruari. Arau horiek ez dizkigu biologiak ezartzen. Determinismo biologiko guztien gainetik, gizakien askatasuna dago. Richard Dawkins neodarwinistak dioen moduan, makina genetiko gisa eraikiak izan bagara ere, badugu “geure sortzaileen aurka altxatzeko gaitasuna.”
Badugu sortzetiko sen moral bat, baina biologiak ez digu arau etiko zehatzik ematen. Moraltasunaren ulermen naturalistak ez garama­tza agindu absolutu eta epai ziurretara, dogma erlijioso eta ideologikoek egin ohi duten bezala (homosexualitatearen gaitzespena da horren adibide bat). Biologiak informazio garrantzitsua eskaintzen digu, baina erabaki etikoa gure esku dago. Besteak beste, hierarkiak sortzeko joera dute gizakiek, baina horrek ez du esan nahi gure gizarteak nahitaez hierarkikoak izan behar dutenik
Kantek zioenez, “gizakia egina dagoen enbor okerretik ezin da gauza erabat zuzenik atera.” Premiazkoak dira erreformak, baina gizaki eta gizarte perfektuak gauzatu nahi izatea ideia politiko arriskutsuenetakoa da. Gizakia, mugarik gabe, hobe daitekeelako ideia eboluzioaren oinarrien kontra doa, funtsean. Giza espeziearen hobegarritasunaren ametsa baztertu egin behar dela dio Singerrek. Zerua Lurrera ekartzeko ahaleginak infernua sortu ohi du. “Amesgaizto” historikoak eragin ditu (oroit Sobiet Batasuneko estalinismoaren, Txinako erreboluzio kulturalaren edota Kanbodiako Pol Pot diktadorearen krimenak).
Ez dago alde batera uzterik Marxen ekarpena, baina ikuspegi zabalago batean integratu behar da. Prokuzio moduen aldaketak indarrean dauden kultura eta ideiei eragiten die. Giza naturak malgutasun handia du, baina ez da zurian dagoen orri baten antzekoa. Kultur desberdintasunen gainetik, gizon-emakumeengan badira aldagaitzak diren ezaugarri batzuk (berekoikeria, inbidia, handinahia). Materialismo biologikoa (Darwin) eta materialismo historikoa (Marx) bateragarriak izan daitezke.
Peter Singerren proposamena oso erakargarria da, dudarik gabe. Ezkerrarentzako paradigma antropologiko berri bat lantzen lagundu nahi du. Baina, “errealista” al da? Ez ote da sinpleegia, beharbada?.
Gizarte hobea lortzea ez da uste bezain erraza izango, baina horrek ez du etsi egin behar denik esan nahi.



Post a new comment