ZAZPI OHAR ENPATIAREN INGURUAN

mayo 29, 2014
5

BELÉN ALTUNA

1. All you need is love. Hala kantatzen zuten hirurogeigarren hamarkadan Beatlesek. Eta askok oihartzun hura maitasun erromantikoaren ohiko pop-apologia baino askoz haratago ulertu zuten: maitasunak salbatuko du mundua, maitasunak salbatuko zaitu zu. Erritmo eta doinu berriekin, lagun hurkoa maitatzearen agindu ebanjelikoa. Pasa ziren garai haiek. Orain maitasun eskaerak bizitza pribaturako uzten ditugu soil-soilik; arlo publikoan nahiz politikoan, entrenamendu demokratikoarekin kontzeptu leunagoak erabiltzen ikasi dugu: bestea, besteak errespetatzearekin nahiko. Aurkari politikoak, gurearen bestelako ideologia dutenak, sinesmen edo uste edo iritzi ezberdinekoak errespetatzearekin, alegia; pertsonak bederen, beraien ideiak sarritan errespetoa ez badigute merezi ere.
Baina bada, errespetoaz gain, azkenengo garaian nahiko maiz entzuten den beste eskaera bat, pertsona orori bestearekiko tratuan eskatu ohi zaiona, eta bereziki ordezkari instituzionalei, politikariei: enpatia erakustearena; bederen okerren daudenekiko, krisia jasaten dutenekiko, tratu txarrak jaso dituztenekiko, terrorismoaren bik­timekiko, etab. Oihartzun handia duen kon­tzeptua da gaur egun, eta gizartean ez ezik, natur eta giza zientzien aldetik ere berebiziko arreta jasotzen ari dena. Askorentzat enpatia elkarrekiko­tasun moral guztiaren oinarrian legokeena da. Besteei zor diegun errespetua ere hortik eratorriko litzateke, batzuen ustez: beraiekin enpatizatzeko gai garelako errespetatzen ditugu. Alderantzizkoaren susmoa ere ekar daiteke: errespetatzen ditugunekin bakarrik enpatiza­tzen dugula. Edonola ere, sarri egiten dugu topo enpatiaren laudorioarekin, kantuaren bertsio berri batekin bezala: All you need is empathy…
2. Ba ez, enpatia ez da behar dugun gauza bakarra. Baina bada behar dugun zerbait. Zer esan nahi dudan argitzeko, hobe izango da lehenengo eta behin enpatia zer den azaltzen saiatzea; zeintzuk diren haren indarrak, zeintzuk haren mugak. Jarraian datorrenak pintzelkada batzuk eman nahi ditu, ikerketa-eremu ezberdinek –primatologiatik psikologiara, neurozien­tzietatik teoria etikora– azken urteotan enpatiari buruz erakutsi digutena gogora ekarriz.
Enpatia XX. mende hasieran erabiltzen hasi zen terminoa da, compassion, benevolence, sympathy eta beste izen askorekin ezagutu izan diren sentimenduen atzean legokeen mekanismo naturala izendatzeko. Horra hor lehenengo nahastea: enpatia ez da sentimendu jakin baten deitura, baizik eta besteen emozioak parteka­tzea ahalbidetzen digun mekanismo kognitibo-afektiboarena. Definizio bakarra ez badago ere, aditu gehienak (Daniel Batson, Martin Hoffman, Simon Baron-Cohen…) ados daude puntu hauetan:
– Beste pertsona batek pentsatu edo senti­tzen duena identifikatu eta haren pentsamendu edo sentimenduei emozio egoki batekin eran­tzuteko gaitasuna da enpatia. Hau da, soilik gure buruan (gure kezka, emozio edo pentsamenduetan) zentratutako arreta ahuldu, eta beste pertsona baten edo batzuen gogamenean barneratzeko gaitasuna (geurea galdu gabe: arreta bikoitza).
– Lehenengo eta behin, ahalmen kognitiboa, bai, baina ez hori bakarrik. Ez da bakarrik besteen buruan jartzeko abilezia edukitzea, hori modu hotzean, manipulatzeko edo torturatzeko ere erabil baitateke (eta horri ez diogu erabilera arruntean ‘enpatiko’ deitzen; ezta zientzialari gehienek ere). Zerbait gehiago behar da. Beste pertsona horretan antzemandako emozioek gugan emozio egoki baten oihartzuna izan behar dute: afektiboa ere bada. Gure emozioak ez du bestearen berdin-berdina izan behar, baina bai harenarekin bat datorrena, neurri batean edo bestean; bestearen angustiak, esaterako, ez du zertan gugan ere angustia sentsazio bat eragin, baina bai agian kezka edo tristura.
3. Mendeetan zehar gizakia funtsean izaki berekoi edo egoista moduan erretratatu izan da. Hobbes-en otsoa. Halakoa omen litzateke giza natura. Eboluzioaren teoriaren hainbat garapenek, ordea, ikuspegi hori erredukzionismo traketsa baino ez dela erakutsi dute. Izan ere, nola azal liteke gure espeziearen arrakasta ebolutiboa berekoikeria hutsarekin? Elkarbizitzarako, elkarlanerako, elkarri laguntzeko mekanismoren bat barneratua izan behar dugu. Horrela azaltzen dute gaur egun enpatiaren jatorria. Horregatik beste espezie sozial batzuek –primateek eta beste ugaztun batzuek– ere partekatzen dute gurekin gaitasun hori. Behintzat oinarri-oinarrizko formetan; ez hala garatuenetan. Haren konplexutasuna arintzeko, bitan labur daitezke enpatia aktibatzeko moduak:
– Kontagio emozionala: modurik arruntena, ohikoena, errazena. Aurrez aurre (face to face) gaudenean normalean oharkabean gertatzen den mimika, beste pertsonaren aurpegiko espresioak edo ahots tonua, esaterako, imitatzen ditugunean, aurpegi tristearen aurrean tristea jarriz, irribarreari irribarrez erantzunez, etab. Oinarrizko enpatia da. Aurrean dagoena isilik badago ere, haserre dagoela ikustarazten diguna. Zergatik dagoen haserre irudikatzeko, ordea, enpatia-modu jasoagoa behar dugu:
– Irudimenaren bitartez bestearen lekuan jar­tzea (perspective taking): kognitiboki konplexuagoa da, soilik gizakiari dagokiona. Ez da mekanismo automatiko bat, aurrekoa bezala, hizkuntzaren edota irudimenaren bitartekaritza behar duen jarrera kontzientea baizik. Aurrez aurreko zuzenik gabe ere berdin gerta daiteke: norbaitek beste lagun bati buruz hitz egiten digunean, edo istorio bat kontatzen digunean, edo nobela bat irakurtzen dugunean edo, besterik gabe, gogoeta egiten dugunean. Nahiz eta begien aurrean ez egon, nahiz eta pertsona ezagunak ez izan, nahiz eta apika egiazko pertsonak ere ez izan, zineak edo ipuingintzak haragitutakoak baizik, haien lekuan jar gintezke. Bizitza haren begietatik begiratu, eta ez gure ohiko begietatik (eta begirada edo esperientzia horri dagokion emozioak sentitu, neurri txikiago batean bada ere).
4. Baina benetan jar ote gintezke bestearen lekuan? Zenbat aldiz entzuten (edota esaten) dugu halakorik: “Ezin duzu ulertu, nire larruan egon beharko zenuke benetan ulertzeko”, “nik pasatakoak pasa ez dituenak, ezin du jakin zer sentitzen den”, etab. Bestea gugandik gero eta diferenteagoa, are eta nekezagoa gainera bere lekuan jartzea. Ezinezkoa ote da, ordea, benetan?
Thomas Nagel filosofoak galdera xelebre bat bota zuen duela urte batzuk: nolakoa ote da saguzar bat izatea? Irudika al dezakegu benetan halakorik? Haren ustez, ez. Esperientziak beti subjektiboak direlako, eta gure zentzumenen menpe daudelako, hasteko. Eta saguzar baten zentzumen-organoak eta gureak ez omen dutelako apenas zerikusirik.
Nola ezetz!, erantzun zioten zirikatuta hainbat idazlek. Coetzeek, esaterako, Elizabeth Costello pertsonaiaren ahotik. Idazle trebe batek hilotz baten azalean jarriko gaitu, enperadore amorratu baten lekuan, XIV. mendeko errotari mozkor baten larruan. Atxagak, triku batenean, adibidez: “Marraskilo, Zizare, Zomorro, Armiarma, Igel,/ Zein putzu edo zulotan ezkutatzen zarete?/ Hor dago erreka, Hau da nire erresuma, Goseak nago”.
Poetak nahiz nobelagileak maisuak izan ohi dira lan horretan, baina guztiok ere maila batean edo bestean egiten dugun ariketa da hori, kreatzaile baino kontsumitzaile moduan. Beste pertsona edo beste izaki baten buruan, larruan, lekuan ezin dela zeharo jarri, esperientzia oro subjektiboa dela? Konforme. Baina, hala eta guztiz, gure eguneroko esperientzia da hurbil­keta saiakera hori, besteen ikuspegiak une batez bederen bisitatzearena. Kazetaritzaren hamaika erreportaje, kronika edo elkarrizketen bidez, edo telebistaren bidez, esaterako. Baina kontuz, esan dugu enpatia perspektiba-hartzeaz gain, bestearen egoerari emozio egoki batekin erantzutea dela. Hain sarritan egiten al dugu hori? Eta beste galdera bat: hori egitearekin, akaso, nahikoa al da?
5. Enpatia, fenomeno psikologiko huts moduan ulertuta, ez da, besterik gabe, morala. Hau da, moralki jokatzeko osagarri edo abiapuntu funtsezkoa izan daiteke, baina horretarako zerbait gehiago behar du. Behin enpatiaz horrela ukituta/hunkituta, sentimendu moral batzuk piztu daitezke: errukia, besteari laguntzeko premia, etab. Ondoren, sentimendu horiek ekintzara –laguntza modu batera, edo justiziako jokabide batera– pasa daitezke, ala ez. Bigarren pausu hori ez da beti ematen, hirugarrena are gutxiago, edo ez derrigorrez modu zuzenean edo ekitatiboan.
Izan ere, enpatiak muga edo baldintzapen argi batzuk ditu:
– Partzialtasuna (aurrez aurrekotasunagatik dela, familiartasunagatik dela): enpatiaren forma arruntenak, kontagio emozional horrek, orain-eta-hemen behar du, eta ahalik eta egoera ikusgarriena, emozionalki espresiboena edo latzena. Jakina da urrun edota begi bistan ez dauden pertsonen desgraziak ez gaituela hunki­tzen; zentzu horretan: ‘ojos que no ven, corazón que no siente’. Gainera, emozionalki hurbilen ditugun pertsonekin gauzatzen da errazen –eta bizien– enpatia, gure antzekoenekin, senidetasun egiazko edo itxurazko bat antzematen diogunekin, gure taldekideekin (eta horrek, adibidez, gorroto edo mendeku sentimendu bat eragin dezake kide horien etsaitzat hautematen ditugunekin).
– Piztu eta itzali egiten den mekanismoa da, gainera, edo hobe esanda, argia bezala, intentsitate handiagoarekin edo txikiagorekin dabilena pertsona bakoitza eta bere unean uneko egoera animikoa dela eta. Haserre gaudenean, edo estresatuta, edo amorrarazita, edo lur jota, arreta osoa gure buruan bilduta izaten dugu, nekez jarriko gara beste baten lekuan, nekez garatuko dugu arreta bikoitza. Honek, enpatiak, irekiera emozional jakin bat behar du, eta nortasun enpatikoena dutenak ere ez dute beti piztua edukitzen.
– Gehiegizko estimulazioaren aurrean, sorgortzea: gain estimulazioak “errukitzeaz neka­tzera” eraman gintzake. Esaterako, herrialde txiro batean egonaldi bat egitean: miserian bizi diren horien aurrean ez dugu etengabeko sufrimendua sentitzen, jasangarri bilakatzen dugu nolabait; ospitale batean hilzorian daudenekin lan egin ahal izateko, adibidez, sorgortzea ezinbestekoa den bezala.
6. Muga edo baldintzapen horiek gainditzea ere posible da; neurri bateraino, noski. Hau da, enpatia garatu, indartu, entrenatu egin daiteke, gure beste ahalmenak bezalaxe. Zer besterik egiten dugu gure haurrekin, “nahiko al zenuke norbaitek zuri hori egitea?”, edo “nola sentituko zinateke haren lekuan egonda?” gisako galderak egitean? Eta irudikapen ariketa hori gutarikoa –gure antzekoa, taldekoa, ‘benetan inporta zaizkidanen multzokoa’– ez den norbaitekin egiten dugun bakoitzean, enpatiaren zirkuluak zabaltzen ari gara. Partzialtasuna –enpatia soilak taldearen barnean kohesioa indartzeko izan dezakeen erraztasuna, aurkari edo etsai potentzialen aurrean ‘kontraenpatia’ bat garatuz– posible delako neurri batean ekiditea, posible delako aintzakotzat hartzen ditugun pertsonen multzoa handitzea, ahal den neurrian unibertsalizatzea.
Baina horretarako partekatze emozionala baino zerbait gehiago behar da: baita printzipio etiko jakin batzuk ere. Esaterako, banako guztien kontsiderazio moralaren aldeko, guztien askatasun, berdintasun edo duintasunaren aldeko, edo besteak gure interesetako bitarteko edo tresna huts moduan erabiltzearen aurkako prin­tzipioak. Taldetasuna edo taldekeria gainditzen duten printzipioak, tribuaren ahotsetik haratago doazenak, gizarteko hainbat tradizio eta aurre-juzgu kuestionatzen dituztenak. Irudikatzeko eta arrazonatzeko gaitasunak lantzea eskatzen du, halaber. Bai behintzat enpatia helduak, garatuak, kontagio emozionaletik dezente haratago doanak.
7. Hannah Arendtek zioen moduan, ez dago Gizakia munduan, gizakiak baino. Eta aniztasun horretatik etortzen dira beti komeriak (eta xarmak ere, seguruen). Zenbat buru, hainbat aburu. Ikuspuntu anitzak, ahots anitzak, mundua ulertzeko eta interpretatzeko eta bizitzeko forma anitzak, askotan kontrajarriak. Gatazka moral nahiz gatazka politiko guztiek perspektiba ugaritasun hori jartzen dute jokoan. Eta, hain zuzen ere, jokoan dagoena ulertzeko, enpatia garatu hori, gure ikuspuntutik atera eta besteenean sar­tzeko gaitasuna, ezinbestekoa da. “Pentsatzeko modu zabaldua” deitu zioten Kantek eta Arendtek gaitasun honi. Beste pertsona horientzat arazoaren zein alderdik duen garrantzia ulertzera eramaten gaituelako, eta ez da gutxi; eta gure pentsamenduen kontingentziaz ere ohartarazi eta, ondorioz, arrazoirik onenak bilatzera anima gaitzakeelako, eta ez da gutxi.
Ekintzabide posibleen gaineko deliberazio hipotetiko nahiz moralak findu egiten dira horrela, kognitiboki eta afektiboki indartu. Izan ere, ez dira gauza bera kognizio hotzak (zifra, datu, kontzeptu, ideia hutsetatik datozenak) eta kognizio epelak (gainera, edo lehenengo eta behin, emozio partekatuekin datozenak: hauek dira benetan motibatzaileak, hezur-haragituak bizi ditugunak, sentimenduak piztuak izan direnak).
Baina berriz ere esateko: enpatia funtsezkoa da, baina ez da nahikoa, ezta forma garatuenean ere. Deliberazio eta judizio sentsibleago bat bidera dezake; egoera bat, gatazka bat, hobeto ulertzera –perspektiba gehiagotatik, eta bereziki inportanteenetatik, hots, biktimen perspektibatik, ulertzera– eraman dezake. Hori da bere ekarpen nagusia, baliotsua, ukaezina. Baina desbideratu ez dadin, partzialtasun batean edo bestean gal ez dadin, sentimentalismo hu­tsean gera ez dadin, zerbait gehiago behar da. Printzipio etiko eta politiko zuzentzaileek osatu behar dute enpatia hori, ekintzabide egokia bideratuz. Gizakiak, eta ez ‘Gizakia’, munduan dauden bitartean, erronka amaigabea.

The Breakdown

Tema
5
Interés
5
Contenido
5

Post a new comment