BARKAMENAZ

mayo 29, 2014
7

FELIPE JUARISTI

Oroimena eta ahantzia
Lehendabizi, ezer baino lehen, oroimena zer den ekarri beharko genuke gogora, alegia oroimenaz oroitu beharko genuke, oroimenak berak halako biderik ematen badigu. Ez dago oroimenik ahanzmenik gabe. Elkarren osagarri baitira biak, halako moldez non, are oroimen handiagoa, orduan eta ahanzmen txikiagoa; eta alderantziz. Dena dela, bai batak bai besteak badute zerikusia norberaren egoerarekin. Bakoitzak geure minak eta geure pozak ditugu, eta saiatzen gara, normalean, minak edo minaren eragileak ahanzten, eta poza eta poz- ekarle izan zaizkigunak oroitzen. Normalean idatzi dut, nahita gainera, batzuek ez baitute sekula ahantzi nahi, eta mina daramate soinean, izar goria bezain erakusgarri, inork ere ahantzi ez dezan minduak direla. Erresumina da, ba­tzuentzat. Oroitarri, besteentzat. Beste era batez esanda, jasandako mina hain da izugarria non ezin ahantzi baitaiteke; edo ez da ahantzi nahi. Beste batzuk saiatzen dira ahanzten, edo gogoratzen, bizitzaren lagungarri bada edo bazaie. Baina baieztapen horrek balio lezake, mina eta poza, neurri batez, norberari dagozkionak izan direnean, edo, besterik gabe, norberari dagozkionak direla uste denean. Orduan, norberak erabaki lezake zer ahantzi eta zer gogoratu, zein neurritan hasi eta zein neurritan amaitu.
“Baina mina kolektiboa izan denean, mindutakoak bat baino gehiago izan direnean, orduan zer?”, galde daiteke. Era berean galde daiteke min-egileak bat baino gehiago izan direnean, orduan ere zer?
1946.eko udazkenean Stig Dagerman idazle suediarrak, bere herriko egunkari batek bidalita, Alemanian zehar egin zuen bidaia, eta bertan ikusitakoa liburu batera ekarri zuen: Udazken alemaniarra. Dagermanek biktimen desilusioa aipatzen du, ez baitzuten ikusi irabaz­leek, alegia aliatuek, naziek sortutako ideologia hura deuseztatu nahi ote zuten.
Desilusio horren lekuko Jean Améry izan zen. Berak behin batean alemaniar batekin izandako elkarrizketa kontatzen du: “Gizonak konbentzitu nahi ninduen, ni judua nintzela jakin ondoren, bere herrian ez zegoela arrazakeriarik. Baiezta­tzen zuen ezen alemaniar herriak ez ziela gorrotorik juduei”. Elkarrizketa horretatik Améryk atera zuen ondorioa izan zen alemaniar arruntak ez zuela kulpa edo bekaturik ikusten, Hitlerren alde jokatu izanagatik. Areago, alemaniar arruntak judua baino gehiago zela sentitzen zuen, biktimek, batez ere juduek, barkamena eskatzea nahi zutelako, eta beraiek ez zuten barkamenik eskatzen. Ez baita kontu bera, denok dakigu, barkamena eskatu ala barkamena eskaini.
Galdera, ordea, honako hau da: Barka al daiteke ahantzi gabe?, barka al daiteke gogoratu gabe, ala barkatzeko lehenago ahantzi behar da barkakizun dena? Norbanakoaren mailan ari gara, noski. Mekanismo kolektiboak ezberdinak baitira.
Konfliktoak eta gerrak jasan dituen edozein gizartek gertatutakoari aurre egin eta elkarbizitzarako oinarriak eraiki behar ditu. Justizia ezartzen saiatu behar da, egia aurkitzen, gertatutakoa zehazki deskribatuta ondoren. Alemaniako egoera 1946.ean ez da Euskadikoa, edo Espainiako, 2014.ean. ETAk borroka armatua uztea erabaki zuenean, ekintza garrantzitsu horrekin batera, ordura arte suntsitu nahi izan zuen estatuaren izaera aitortu zuen, de facto bederen, eta, bide batez, borroka armatuaren galera aldarrikatu zuen, sotto voce. Gauzak horrela, lasaitasunaren jantziaz apaindurik begira dezakegu atzera, aitorturik indarkeria giro horrek giza eskubideak urratzera bultzatu dituela estatuko zenbait aparatu, beraiek defenditzeko sortuak. Dena dela, aitortu behar dugu Justizia betea izan dela neurri handian: krimenak egin dituzten gehienak identifikatuta daude, epaituak eta kondenatuak izan dira; ez guztiak, ez dezagun hori ere ahantzi. Hona ekarri nahi nituzke Amalia Valcarcelen hitzak: “Justiziak zigortzen duenean barkatzen du. Behin zigorra betez gero, ez du gehiago eskatuko. Era berean, ez du eskatuko kaltegilearen damurik, ezta kaltetuaren barka eskerik ere. Zigorra bete duena bakean da”. Bakean da Justiziarekin, baina bakean al da gizartearekin? Ez al lioke azalpenik eman behar berari eragindako oinaze eta triskantzagatik?
Elkarrekin bizitzeko ez da barkamenaren beharrik, ados gaude ia denok. Elkarbizitza prozesu kolektiboa da, bakean bizitzeko oinarriak jar­tzen dituena. Elkarrekin bizi direnek elkar errespetatzen dute, elkarrez oroitzen dira eta elkarrez ahanzten, alegia elkarrenganako tolerantziaren hazia ereiten dute, egunero behar bada; baina horrek ez du esan nahi elkar maitatu behar dutenik. Legearen arrazoimenak bermatzen du elkarbizitza, ez sentimenduaren arrazoiak.
Biktimek kalte-ordainak jaso dituzte, gehixeago edo gutxixeago, eta jaso ez dituztenek jasotzeko bidea eginda dago. Batzuek, Améryk bezala, iruzur egin zaiela sentituko dute. Eta beste batzuek, haren solaskide alemaniarraren antzera, indarkeria eta biolentzia horren guztia ernatu, zabaldu eta pozon bihurtu izanaz batere kulparik ez dutela sinetsiko dute, alegia, errugabeak direla aldarrikatuko dute. Beren burua zuritzeko ETAren biktimei eta estatuari leporatuko diete hainbeste urteko min, sufrimendu eta txikizioaren erantzukizuna. Edo, beste argumentu klase bat erabiliz, errudun denak izan direla esango dute. Izan ere, denak errudun badira, ez dago errudunik. Errudun izandakoak zuritzeko balio du. Tranpa dialektikoa baino ez da. Errudun asko izanagatik, ez da norberaren errua txikitzen.
Hannah Arendtek Responsabilidad y juicio liburuan dio egin ez dugunaren gauzengatik erantzukizuna eskatzerik badagoela, batez ere, injustizia egoera baten aurrean ezer ez egin, edo beste aldera begiratzea erabaki denean. Era berean dio inor ez dela errudun, injustizian partaide ez bada. Erantzukizuna eska dakioke egitekoa egin ez duenari, baina errua, edo kulpa, soilik egin duena egin duenari. Kulpa norberarena da, kulpa gaitz egitea erabaki duenarena. Ezer egin ez duenak ez du berez kulparik, baina galdera da ez ote behar lukeen bere ardura falta adierazi, bere erantzukizuna bete ez duela aldarrikatu?
Egia kontatzea geratzen da, memoria historikoa eraikitzeko. Eta ez da erraza izango denok barneratuko gaituen kontakizuna idaztea; eta ez dakit hori komeni ote den. Egia, izan ere, kontu bat da; eta oroimena, bestea. Euripidesek Orestes lanean ahanzmena goraipatzen du: “ahanzmenaren ur zerutarra, jakituria dakarkiguzu”. Orestesek ama eta haren amorantea hil zituen, aitaren heriotzaren mendeku egiteagatik. Historia osoa, gurea eta besteena, oroimenaren eta ahanzmenaren artean ibili ohi da. Kontu batzuk ahantzi egin dira, azpiratuak izan dira, beste batzuk goratzeko. Historia ere gerra horretan lagun bilakatu da, memoria bezala. Edozein gerratan kaltetuen ateratzen dena egia omen da, memoriarekin batera. Baina gure garai honetan badira ezin ahantzi daitezkeen kontuak. Ahozko narrazioak behartzen zuen oroimen bizia galdu da eta, haren ordez, oroimen idatzia nagusitu da, alegia artxiboa. Artxibategiak, gaur egun Borgesen “Funes memoriadun”aren zeregina bereganatu da. Halako memoria, gordeta dagoena, infinitua da, edo izan daiteke; baina era berean, oso laua da eta, berez, ez dio ezeri zentzurik ematen, historiagileari ez bada. Memoria bizia bestelakoa da, norberak gogoratu eta kontatzen duena, akats eta guzti.
Holokaustoaren egia jakin ondoren, giza eskubideen, memoriaren eta kalte-ordainen gaia zabaldu da kontzientzia guztietan. Merezi du gogora ekartzea Elie Wieselek, Bakearen Nobel Saria irabazi zuen idazlea eta Holokaustoaren ondorioak jasandakoak esan zuena: “Oroitzeari uzten badiogu, izateari utziko diogu”. Hori da, hain zuzen, biktimen aldeko mugimendu guztiek aldarrikatzen dutena. Jasandako kaltearen oroimena daramate doazen toki guztietara. Ondorio zehatz bat dakar horrek. Ahazten ez dena ezin barkatu da.
Beste galdera bat ere egin daiteke, ordea, zer eta nola oroitu, gertatutakoa berriro gerta ez dadin? Nola kontatu?
Barkamena
Barkamenaren auzia azaltzen da badagoenean ahantzi ezin daitekeen mina. Nietzchek Moralaren Genealogian erruaren gaia aztertzen du, zordunaren eta hartzekodunaren arteko kontua balitz bezala. Zordunak zorra ordaindu ez dezakeenean sortzen den bien arteko harremana azpimarratzen du filosofoak. Hartzekodunak ahantzi dezake zorra, edo, ahantzi gabe, barka dezake bera. Horrela jaioko da bion arteko bestelako harreman klasea. Zordunak senti dezake, barkatzen zaionean, askatasuna; edo senti dezake, lotura berria, irudimenean hartzekodunarekin lotzen duena, alegia moralaren esparruan. Baina horrek ez ditu denak kezkatzen, morala, gaur egun, zerbait utilitarioa da, komenien­tziakoa, bandera piratak bezala Nietzcheren­tzat barkamena ahuldadea baizik ez da. Har­tzekodunak nahiago du zorduna sufritzen ikusi.
Barkamenak barkatzailearen borondatea erakusten du. Eta borondate hori baldintzatua izan daiteke. Inork ez du barkatzeko beharrik. Alde horretatik aztertuta, barkamena doanekoa da. Hala jokatzen duenak ez du ikusten barkamena eskatzerik dagoenik. Bada doaneko barkamen horren azpian ideia bat: egindako krimena ezin da mundutik ezabatu; krimen gisa ez du atzera bueltarik, eta ekintza moduan barkamenik ez badu ere, pertsonak beren ekintzak baino gehiago direlako, barka dakioke krimena egin duenari. Aipatzen ari garen barkamen hau oso da norbanakoa. Barkatzen duenak bestearen duintasuna aitortzen du, gizakien artekoa dela aitortzen du, ez abere, basati edo barbaro. Iruditzen zait komunikabideek, askotan, ETAko kideak piztiatzat joz ez diotela laguntza handirik eman, indarkeria amaitu nahi zuenari. Piztiak badira, ezin ditugu epaitu gure legeekin; piztien legeekin baino. Okerrena da, ordea, ez direla piztiak, gure artean haziak baizik.
Kaltegileak gu bezalakoak direla esateak lagunduko luke egindakoa arrazionaltasunaren argiaz ikusten. Argudio ildo horretatik jarraiki, esan behar da Paul Ricoeurrentzat barkamena giza handitasunaren erakusle dela. Ez dakit Kanten itzala ote den, ala kristautasunarena, baina argudio antzekoak beste egileengan ere aurki­tzen ditugu.
Halako iritzia erakusten du Hannah Arendtek La Condición Humana liburuan: “Mendekuarena ez bezala, barkatzeko borondatea ezin da aurrez ikusi”. Barkamena ekintza librea da, eta esperantza ekartzen du politikara. Hannah Arendtek barkatzen denarengan errespetua dago, gizakiaren onespena du xede, bakoitzak egindakoa gorabehera. Hannah Arendetek ulertu nahi izan zuen zer ezkutatzen zen Eichmannen bihotzean. Eta erabaki zuen ez zegoela ezer ezkutuan. “Gaitzaren arinkeria” deitu zion. Eta arinkeria horrek, gure artean, min sakona eragin du. Baina min egin duenak uste izan du bere arrazoiak sakonak zirela, hil ala bizikoak, eta horregatik hil dute, eta hil dituzte, eta hil dira: bosgarren mandamenduaren konjugazioa. Orain, lehengo arrazoiak lausotu dira, aienatu dira, bigundu dira. Baina egindako krimena hor dago. Batzuek ahantziko dute, edo saiatuko dira. Besteek, sekula ez, krimenak hari ikusezin batez lotu baititu krimen-egilea eta krimen-paira­tzailea. Bat dira, oroimenaren eternitatean.
Baldintzatzen den barkamenak “barkamen” izena merezi ote du? Derridari jarraiki, esaten badut: “Barkatzen dizut, baldintza batekin, ordea, barkamena eskatzen duzunean, zu ez izatea kaltea eragin zuen bera, zu aldatuta etortzea”.
Zer barkatzen da? Nori barkatzen zaio? Zerbait barkatzen dut, ala norbaiti barkatzen diot?
Eskuzabalak izan gaitezke, moralki irabazle sentitzen garenean. Kalte egin duena kalte hori, edo antzekoa, egiteko moduan ez dagoenean. Ez du zentzurik norbaiti barkatzea egindakoagatik, jakinda berriro gauza bera egin dezakeela.
Nire iritzian, barka ezin daitekeena barka­tzen da, eta barkatzekotan baldintzarik gabe barkatu behar da. Norberaren esparruko kontuaz ari naiz. Barkamenak bi norabide ditu: barkatzailea eta barkatua dena, kulpagilea eta biktima. Hirugarren bat sartuz gero, estatua edo bestelako instituzioren bat, barkamen hutsa ez den beste zerbait agertzen da: amnistia, kalte-ordaina, ahanzmena.
Barka eskeak lagun dezake, hala uste dut, zauriak ixteko, gure artean batez ere. Batzuek gerra amaitutzat jo dute eta beste batzuek sekula ez dute gerra hasi. Elkarbizitzarako baldintza izan daiteke, erretorikoa eta sinbolikoa, nahi den bezala, ETAk edo beraren imaginarioa ordezkatzen duenak barka eskatzea. Denen izenean, jakina. Batak ez baitu bestea kentzen.
Barkamena gizakiaren aukera da, zigorraren aukera ordezkatzen duena. Horregatik, guztiz egokiak dira Hannah Arendten hitz hauek: “Zigorrak barkamenarekin bat egiten du puntu batean, biak ala biak saiatzen dira beti ere jarraituko lukeen kontu bati azken amaiera ematen”. Gertatutakoa sekula gehiago gerta ez dadin ematen da barkamena. Oroimena estutzen du: gertatu dena oroitzean berriro ez gertatzeko oinarriak jartzen ditugu.
Barkamena, hain zuzen, ez da ahazmenaren lagun.
Denbora eskatzen duen ekintza da. Gorpu­tzeko zauriak berehala sendatzen ez diren bezala, nekez egiten du onera min sakonak. Baina sendatutakoan, Hegelek zioen, ez du arrastorik uzten. Ez dakit. Psikoanalisiak erakutsi digu barneak gaina har dezakeela, eta azalekoa bera azpira bidaliz, kontzientzia ezaren ilunpetan gorde. Ez dakigu barneko zauriek zer behar duten ireki eta odoletan lehertzeko.
Barkatzen duenak jakin behar du zer gertatu zaion, zergatik gertatu zaion. Azaldu behar diote, eta ulertzen saiatu behar du, erraza ez bada ere mingarri zaiguna ulertzea. Gertaera bat ulertzea da jakitea zein izan diren gertaera horren arrazoiak, baina ez du esan nahi arrazoi horiekin bat egin behar denik. Gertatutakoa ulertzeak ez du gertaera zuritzen, ez du onesten, ezta goratzen ere.
Baina bizitzen laguntzen du.
ERABILITAKO LIBURUAK:
S. DAGERMAN. Otoño alemán, Octaedro. Barcelona. 2001.
J. AMERY. Más allá de la culpa y de la expiación. Tentativas de superación de una víctima de la violencia, Pre-textos, Valencia, 2003.
A. VALCARCEL. La memoria y el perdón, Herder, Barcelona, 2010.
F. NIETZCHE. Genealogia de la moral, Alianza Editorial, Madrid, 1996.
P. RICOEUR. La memoria, la historia y el olvido, FCE. Buenos Aires, 2004.
H. ARENDT. La condición humana, Paidos, Barcelona, 2005; Responsabilidad y juicio, Paidos, Barcelona, 2007.
J. DERRIDA. El siglo y el perdón, Ediciones de la Flor, Buenos Aires. 2003.

The Breakdown

Contenido
9
Redacción
7
Interés
5

Post a new comment